XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua


Konbustio baten bukaera.

Esperimentu hauen emaitzak interpretatzeko asmoz, John Mayow fisiologo eta kimikari ingelesak, airean bi zati desberdin zeudela proposatu zuen: bata aktiboa eta bestea geldoa.

Urte batzu beranduago, G. E. Stahl kimikari alemaniarrak (1660-1734) errekuntzaren azalpen bat emateko asmoz flogistoaren teoria proposatu zuen.

Teoria honen arabera, erregai guztiek substantzia bat dute amankomunean: flogistoa.

Substantzia hau erregaitik irteten denean errekuntza bukatu egiten da.

Ikatza, egurra edo alkohola oso erregai onak dira, flogistoz soilik osatuak daudelako.

Metalak, berriz, flogistoz eta lurraz osatuak daude (gogora ezazu lau elementuen teoria: lurra, ura, airea eta sua), eta arrazoi honengatik asko berotzen direnean flogistoa ateratzen da eta hondakin bezala lurra, karea, geratzen da ontzian.

Teoriak ondo azaltzen zituen ordurarte ezagunak ziren fenomeno guztiak, eta halakoetan gertatzen den bezala, urte luzez egon zen indarrean, okerra izan arren.

Antoine Lavoisier ("Kimikaren aita) izan zen flogistoaren teoria behera bota zuena.

Eztainua berotu zuen, airearen presentziaz, eta espero bezala karea (hauts zuriska) lortu zuen.

Baina Lavoisier benetako kimikaria zen, eta balantza erabili zuen.

Hala, kareak eztainuak baino pisu gehiago zuela egiaztatu zuen, eta gainera, irabazitako pisua aireak galdutakoaren berdina zela.

Beraz, karea sortzeko eztainua airearekin konbinatzen zen.

Ez zekien, hala ere, airearen osagai batekin edo aire osoarekin zen.

Zalantza hori merkurioa berotuz argitu zitzaion.

Merkurioaren karea (gorriska kasu honetan) lortu eta airea gutxitu egiten zen.

Baina geratzen zen aireraren hondarra, ez zen aire normala.

Kandela bertan sartu eta itzali egiten zen.

Saguak hil egiten ziren.

Lavoisier konturatu zen bi urte lehenago Daniel Rutherford-ek errekuntzaren ondorio den gasean (anhidrido karbonikoa kendu eta gero) aurkitu zuen gas berdina zela.

Flogistoan jadanik sinesten ez zuelarik, azoe (bizitzarik gabea) deitu zion gas hari.

Nitrogenoa zen.

Beraz garbi geratu zen bai errekuntzan bai metalen kareak lortzean airearen osagai batek hartzen zuela parte.

Joseph Priestley kimikari ingelesak airearen osagai hori aurkitu zuen 1774. urtean, Lavoisier-ek lortutako merkurioaren kare gorriska asko berotuz.

Merkurioa eta beste gasa atera ziren.